Skip to main content

Ategi desgrana las claves de las subidas de las materias primas en Berria

Este pasado domingo 3 de octubre, Berria ha publicado el artículo Harri koskor handi bat. En él se profundiza en las razones que están detrás de las subidas de las materias primas y las consecuencias que esta situación está generando en las empresas de nuestro entorno. Ategi ha participado en este artículo que os adjuntamos a continuación:

“Baikortasun giroa ekarri du pandemiaren okerrena atzean uzteak, edo, bederen, hori dirudi Mendebaldean. Iazko muturrekoaren ostean, herritarren kontsumoa eta enpresen inbertsioa beren onera itzultzen ari dira, baina joera orokor hori desoreka handi batzuk eragiten ari da lehengaien merkatuan. Urte hasieran, bazirudien susperraldi ekonomikorako oinpeko harri koskor moduko bat baino ez zela izango, baina gehiago irauten ari da. Munduko hornidura katean inbutu efektua sortu da, eta lehengai metalikoak batez beste %67 garestitu dira iazko martxotik. Horri gehituz gero itsas garraioaren kostuak duela urtebetekoak halako bost direla, eta energiaren kostuak nabarmen egin duela gora, argi dago harri koskorra handitzen ari dela eta ez dela enbarazu txiki soil bat. Zenbateraino? Susperraldia baldintzatzeraino?

Espainiako Bankuak iragan astean kaleratutako txosten batean azaldu duenez, euroaren eremuan industrian aritzen diren enpresen %38k mugatua dute jarduera, eta, autogintzari ez ezik, sektore gehienei eragin die lehengai eskasiak. Herrialdeen artean, oraingoz kaltetuena Alemania da, han batez beste enpresen %71k nabaritu baitituzte arazoak.

Euskal Herrian ere antzematen dira atzerapenak. Iazko martxotik, SEA Arabako enpresaburuen elkartearen behatokiak inkesta bat egiten du COVID-19aren eragina neurtzeko, hiru hilean behin, eta, horregatik, lehenak izan ziren zer zetorren antzematen, Juan Ugarte zuzendari nagusiak azaldu duenez: «Enpresek erantzunetan agerian uzten zuten ondorengo hilabeteetan gabezia handiak izango zirela, baita eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka ere». Martxoan, Arabako enpresen %29k nabaritu zuten eragina; ekainean %59k; eta iraileko azken txostenaren arabera, %53k. Ugarteren arabera, «udatik aurrera, garestitzeak eta eskasiak gerarazi egin dute industria ekoizpenaren bizkortzea; oso egoera kaltegarria eragin du».

Gipuzkoako Inter Alloys enpresak 40 urte daramatza altzairua ekoizteko behar diren lehengaiez hornitzen Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Portugalgo bezeroak. Pablo Munilla presidentearen hitzetan, «salbuespen egoera da erabat». 2008ko finantza krisia piztu aurreko hilabeteetan «antzeko agertokia» izan bazuten ere, «badirudi egungo egoera erabat desberdina dela ordukoaren aldean. Arrazoi ugari eta oso desberdinak daude atzean, eta lehengai bakoitzak bere kasuistika du».

Atzean, baina, pandemiaren arrasto luzea ageri da. Mondragon taldeko Ategi kooperatibak erosketen inguruko aholkularitza eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen dizkie bezeroei, eta, Ategiko lehengaien arduradun Josu Luengoren ustez, berraktibatzeko orduan aldea egon da epeetan Mendebaldearen eta Ekialdearen artean.

Horrek merkatua desorekatu du, Luengoren esanetan. «Txina lehena izan zen altxatzen, eta, Europan geldirik ginen bitartean, barne eskarirako produkzioa beretu zuen, zenbaitetan materiala Europatik eta AEBetatik inportatuz. Normaltasunera itzultzeko orduan, berriz, ez zegoen nahikoa lehengairik Europako industriaren kontsumoari aurre egiteko, eta horrek prezio igoera eta eskasia eragin du». Sortutako inbutu efektuak galarazi egiten du «eskaintzak eskariaren beharrei erantzutea eskatutako epeetan».

Horren adibiderik argiena altzairua da. «Ideia bat egiteko, Txinak altzairu herdoilezinaren produkzioa %21 handitu du lehen seihilekoan, iazkoaren aldean, eta Europan eta AEBetan ahalmena %80 inguru handitu da», azaldu du Inter Alloysko Munillak. Energia berriztagarriek, autogintzak, petroliogintzak eta eraikuntza sektoreek altzairu behar handia dute, eta altzairutegien biltegiak hustu egin ziren iaz. Altzairutegiak lehengaiez hornitzen dituzten meatzeetan estutzen da inbutua: «Produkzioa handitu dezakeen meatze batek denbora behar du horretarako. Beste batzuk, berriz, zuzenean %100 ari dira lanean jada. Meatze proiektu berrietan inbertitzeak urte asko eta inbertsio handiak eskatzen ditu», azaldu du Munillak.

Desberdintasunak, agerian

Pandemiak azaleratutako desberdintasunen isla ere bada egoera. Izan ere, meatoki horietako batzuk dauden herrialdeetan —Malaysian, Indonesian, Hegoafrikan…— COVID-19a gogor jotzen ari da oraindik, eta meategiak behartuak dira lanaldiak berrantolatzera edo murriztera, bezeroen eskariei aurre egin ezinik. «Bezeroak lehengaia beste toki batzuetan eskatzera behartuak dira, eta prezioek gorantz egiten dute», esan du Munillak.

Txinatik, berriz, zantzu kezkagarriak datoz. Lehen seihilekoan altzairu produkzioa handitu egin bada ere, Txinako Gobernua herrialdeko zenbait eskualdetan burdina eta beste hainbat lehengairen produkzioa jaistera behartzen ari dela dirudi. CO2 emisioak jaitsi eta ingurumen helburuak bete nahi lituzkeela zabaldu da. Atzean, baina, bestelako arrazoiak egon daitezke. Batetik, ikatza da haren argindar sistemaren iturri nagusia (%56), eta, gobernuak menpekotasun hori apurka murriztu nahi badu ere, egungo ikatz produkzioa ez da gai sistemaren beharrei erantzuteko, eta argindar mozketa handiak izan dira Txinako hogei probintziatan, eta horietako batzuk giltzarriak dira industria jardueran —fabrika batzuk itxi behar izan dituzte—. Bestetik, Luengoren arabera, «Evergrande higiezin enpresa erraldoia erori izanak agerian utzi du eraikuntza sektorearen jarduera hozten ari dela». Horrek, aldi berean, eragina izan dezake burdinaren produkzioan eta, ondorioz, altzairuaren eskarian.

Publizitatea

Gainera, inportazioen gaineko muga zergak kendu, baina zergak eta trabak jarri dizkie Txinan ustiatutako lehengaien eta ekoitzitako altzairu esportazioei. «Adibidez, erreforma batek kendu egin du esportazioei BEZa itzuli ahal izateko aukera, eta horrek zailago egiten du produktuok Europara joatea», azaldu du Josu Luengok.

Europan, interes talka

Txinatik datozen inportazioen zailtasunei, gainera, Europako Batasunak berak 2016tik Txinako, Taiwango, Turkiako eta Errusiako 26 altzairu produkturi ezarritako muga zergak gehitu behar zaizkio, dumping edo altzairua produkzio kostuen azpitik ekoizten ari diren susmoengatik. Europako Batzordeak neurri horiek luzatzea aztertuko du aurki. Europako altzairutegiek babes horrekin jarraitzeko presioa egin arren, eskasia jasaten ari diren beste sektore ekonomikoek tarifak altxatzea nahi dute. Halaber, Errusiak aurtengo abenduaren 31tik aurrera %15eko muga zerga ezarriko du altzairuaren eta beste hainbat lehengairen esportazioetan.

Nazioarteko merkataritzako neurriei itsas garraioaren egoera gehitu zaio. Asiak susperraldiari lehenago ekin zionez eta Europak eta AEBek geroago, Asiaranzko trafikoan «desoreka argi bat» sortu zen, Munillaren arabera: «2021ean, jarduera berraktibatu zenean, ikusi genuen zamaontzietan ez zegoela nahikoa edukiontzi esportazioak betetzeko. Zama horiek hartzeko ontzi gehiago eta garraiatzeko kamioi gehiago behar zirenez, esponentzialki garestitzen hasi zen itsas garraioa, hornidura kate osoan eraginez. Eta ekaitz perfektu horri Suezko kanalaren egoera gehitu zitzaion, edukiontzi falta eta atzerapenak are ageriago utzita».

Iazko urriaren 2an, edukiontzi bat garraiatzea 2.205 dolar kostatzen zen; asteon, berriz, 10.839 dolar. Dena den, desoreka Txinatik Europaranzko garraioak eragiten du batik bat: 14.626 dolarreko kostua du, eta alderantzizko norabidean, 1.478 dolarrekoa.

Lehengaien eskasiak oso egoera konplexua eragin die osagai horien beharrean diren euskal enpresei, Munillaren arabera, «oso zorrotz» antolatzera eta kudeatzera behartzen baititu. «Oso zail egiten da aurretik hitzartutako produkzio bolumena handitzea, biltegiko stocka aurretik ezarritako kontsumo aurreikuspenetara egokitzen baita erabat, eta igotzeko tartea mugatua da». Ezohiko egoera logistikoa eragin du. «Ohi baino askoz lehenago planifikatu behar dira ontziratzeak. Zenbaitetan, lau hilabete lehenago, eta horrek behartu egiten du kateko azken kontsumitzailea eskariak planifikatzera altzairutegiaren produkzio aurreikuspenak jakin gabe. Konplexutasuna erabatekoa da». Hala, Munillaren arabera, zenbait enpresa prezioen igoerak baino gehiago kezkatzen ditu hornidura ziurtatzeak.

Dena den, prezio igoerak badu eraginik. Altzairutegi batzuek, eta batik bat galdategiek, prezio finkoen arabera funtzionatzen dute, eta, Munillak ohartarazi duenez, merkatuak eragindako kostuak islatzeko modurik ez dute: «Egoera konplexu batean sartzen dira, hilabete batzuk lehenago itxitako epe luzeko proiektua izanez gero, lehengaiaren prezioa zaharkituta geratzen delako ekoizteko orduan, eta horrek tentsioa eragiten baitie».

Zenbat iraungo du prezioen igoerak? Ez dago zehatz-mehatz jakiterik. Altzairuaren lehengaietako bat, burdina, %45 merkatu da uztailetik hona, eta espero da urte amaieran lehengai gehienen prezioa apaltzen hastea. Dena den, Ategiko Luengok ohartarazi du adituen artean ez dagoela kontsentsurik normaltasuna noiz itzuliko den. Aditu batzuen arabera, beste urtebete iraungo du egoerak, «2022ko hirugarren hiruhilekora arte». Argi dago, halaber, egoerak luzaro iraunez gero bestelako ondorio ekonomikoak izango dituela, inflazioan lehenik, eta diru politikan eta zor merkatuetan ondoren.

Beste jokaleku baterantz

Baliteke luzarora zer etorriko den adieraztea egungo tentsioak. Izan ere, pandemiak digitalizazioaren eta trantsizio ekologikoaren aldeko prozesua bizkortu du. «Auto elektrikoa, eguzki panelak eta energia kontsumo eraginkorra hasiak dira lehengaien beste jokaleku bat marrazten. Trantsizio energetiko hori elikatuko duten gai guztiek eskariaren bultzada handiago bat izan dezakete, eta, eskaintza horri aurre egiteko gai ez bada, prezioen goranzko joerak hamarkada bat iraun lezake», esan du Luengok.

Besteak beste, kobreak, nikelak, litioak, paladioak eta lur arraroek —lantanoideek, eskandioak eta itrioak— hartuko dute protagonismoa, eta ibilgailuen kargalekuak egiteko beharko den argindar sarea eraikitzeko ere industria arloko metalen behar handia egongo da. Deskarbonizazioaren bide luzean, ezingo da oharkabean utzi merkatuaren errealitatea: tentsioak sor litezke atzerantz egin behar duten erregai fosilen eta aurrerantz egingo duten lehengaien artean, baita interes talkak ere”.

Joxerra Senar / Berria

Related News

¿Por qué todavía se hace tanta fabricación en China?

¿Cómo puede afectar al precio del cobre la demanda china?